Erakunde kudeatzaileak

Erakunde Kudeatzaileak arduratzen dira Idazpenen Bulegoaren bidez zuzenean eragiketak egiteko baimenik ez dutenen kontuetaz. Horretarako, Idazpenen Bulegoan kontu global bat dute, hau da, hirugarren batzuen kontuak deitzen diren kontuen kontrakontu zehatza.

Gainera, Erakunde Kudeatzaileek, balore-agentziek izan ezik, Kontuko Titular izaera izan dezakete beren izenean Idazpenen Bulego Nagusian. Baldintza gehigarri hori derrigorrezkoa izango da hirugarren batzuekin jardun ahal izateko, norbere izenean kontrakontua eskainiz. Balore-agentziek, aldiz, beste Erakunde Kudeatzaile baten bitartez bakarrik beren kontura eros edo manten dezakete idatzitako Zor publikoa.


 Betekizunak

Erakunde Kudeatzaile baldintza Ekonomia eta Ogasun ministroak ematen du, "Banco de España" Espainiako Bankuak proposatuta eta aurretik Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak txostena eginda. Ondorengo kategoriaren batean bilduta dauden erakundeei eman ohi die:

  • 1. Balore-sozietateak eta balore-agentziak.
  • 2. Bankuak, aurrezki kutxak, baita Kreditu Ofizialeko Institutua eta Aurrezki Kutxen Konfederazioa ere.
  • 3. Kreditu-kooperatibak.


Erakunde Kudeatzaile izaera lortzeko eta hori mantentzeko, erakundeek ondorengo baldintzak bete behar dituzte, aldi berean:

  • 1. Gutxienez 900.000€ (150 milioi pezetatako) kapital edo zenbatekoa ordaindu izatea, eta, jarraian, jardueraren bolumenaren eta bere gain hartutako arriskuen proportzio bereko berezko baliabideen gutxieneko maila izatea.
  • 2. Aitortutako merkataritza zintzotasuna edo profesionala izatea Administrazio Kontseiluko kide guztien kasuan. Kontseilu horrek, gutxienez, hiru kide eta zuzendari nagusiak eta antzekoak izan behar ditu.
  • 3. Administrazio Kontseiluko kideetariko inork, ez eta zuzendari nagusietarikoren batek edo antzekoren batek ere ezingo du kiebra jota egon, ez eta birgaitu gabe hartzekodunen lehian egon, auzipetuta egon edo zigor-aurrekaririk izan Ogasun Publikoaren aurkako faltsifikatze-delituren batengatik, dokumentuen zaintzari dagokion desleialtasunagatik, sekretuak hausteagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta jabetzaren aurkako sekretuak aurkitzeagatik edo agerrarazteagatik. Halaber, ezingo du gaitasunik gabe egon penal edo arlo administratiboan, kargu publikoak edo administrazio-karguak edo finantza-erakundeak zuzentzeko.
  • 4. Administrazio Kontseiluko kide gehienek balore-merkatuarekin lotura duten gaietan nahikoa ezagutza eta eskarmentu izatea.
  • 5. Erakunde eta baliabideak (giza baliabideak zein bitarteko materialak) izateko konpromisoa hartzea, garatu behar duten jardueraren ezaugarriei eta bolumenari dagokionez egokiak, eta konpromiso hori behar bezala betetzea. Erakunde eskatzaileak konpromiso hori hasiera-hasieratik betetzeko gai dela egiaztatu beharko du.



 Eskaera

Erakunde Kudeatzaile izaera lortzeko dagokion idatzia aurkeztu behar da “Banco de España” Espainiako Bankuan. Idatzi horretan zehaztuko da bere komisio-emaileekin nola nahi dituen eragiketak egin; hau da, gaitasun osoko edo gaitasun mugatuko erregimenean.

“Banco de España” Espainiako Bankuak, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak derrigorrez egindako txostenaren ondoren, ebazpen-proposamena Ekonomia eta Ogasun ministroari helaraziko dio Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Zuzendaritza Nagusi horrek Idazpenen Bulegoari jakinaraziko dio, egoki izanez gero, Erakunde Kudeatzaile izaera esleitu duela. Xedatze hori "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko da.

“Banco de España” Espainiako Bankuak Erakunde Kudeatzaile izaera duten erakundeen erregistro publiko bat du.


 Baliogabetzea

Erakunde Kudeatzaile izaera Ekonomia eta Ogasun ministroak baliogabetu dezake “Banco de España” Espainiako Bankuak hala proposatuta, Baloreen Merkatuaren Batzorde Nazionalak txostena eman eta interesdunari jakinarazi ondoren, honako kasu hauetan:

  • 1. Urtebetean, finkatutakoa baino jarduera kopuru gutxiago egiteagatik edo jarduerarik ez egiteagatik.
  • 2. Eskumen horiek emateko eskatutako betebeharrak berehala betetzen ez direnean.
  • 3. Ordainketa-etendura edo porrota gertatzen denean.



Erakunde Kudeatzaile egoera baliogabetzearen ondorioz, eragindako finantza-bitartekariak edo -erakundeak, neurri hori hartzen den unetik, Bulegoan hirugarren batzuen saldoen behin betiko murrizketatik eratorritako eragiketak baino ezingo ditu egin. Erakundeak Bulegoan hirugarren batzuen saldoak idatzita dituen bitartean, bere betebeharrak betetzen jarraitu beharko du.


 Etendura
Era berean, erakunde horiek egin ditzaketen eragiketa-motak edo –bolumena etetea edo mugatzea adostu daiteke, behar den denboran normaltasunera itzuli arte. Neurri horien berri eman behar dio “Banco de España” Espainiako Bankuak Ekonomia eta Ogasun Ministerioari, gero, ministroak, bi eguneko epean, berretsi,edo hala behar izanez gero, neurria alde batera uzteko.

Idazpenen Bulego Nagusian Kontuaren Jabe egoera eteteak baliogabetzearen eragin berbera du, baina dagokion ebazpenean zehazten den epean soilik.


 Funtzioak
Erakunde Kudeatzaileek bezeroentzat erregistro eta konpentsazio- zein kitapen-arloko betebehar garrantzitsuak betetzen dituzte.


Erregistro-mailako betebeharren artean, Erakunde Kudeatzaileek hirugarren batzuen saldoei dagozkien erregistroetan beti eguneratuta izan behar dituzte honako datu hauek: jabeen identifikazioa, jaulkipen-datuak, saldo nominalak, erosketa-baldintzak, egoera juridikoa, eta bere kasuan, birsalmenta konpromisoak. Horrez gain, Altxorraren baloreen erosleei erosketaren frogagiri bat eta horren baldintzak eman beharko dizkiete (zor-mota, inbertitutako zenbatekoa, errendimenduak,…), erregistroetan izena ematerakoan. Frogagiri horiek eragiketaren erregistroaren akreditazio soilak dira, eta inola ere ez dira izango eros edo sal daitezkeen titulu fisikoak.

Zaintza funtzioaren barnean, Erakunde Kudeatzaileek egunero jakinarazi behar diote Idazpenen Bulegoari hirugarren batzuen konturako saldo globala, eta astero, berriz, horiek egindako eragiketa guztien xehetasunak.



 Motak

Erakunde Kudeatzaileak bi motatakoak izan daitezke:
1. Gaitasun osoko Erakunde Kudeatzaileak:
Beren komisio-emaileekin edozein eragiketa-mota egiteko baimena dutenak dira. Idazpenen Bulego Nagusian norberaren izeneko Kontuaren Jabe izaera gehigarria dute.

Araudiak 4,5 miloi € (750 miloi pezetatako) kapitala eta, gutxienez, bezeroen 120 milioi € (20.000 milioi pezetatako) saldoa eskatzen die.  

2. Gaitasun mugatuko Erakunde Kudeatzaileak:
Eskura egindako salerosketetan kontrakontuaeuren izenean bakarrik bezeroei eskain diezaieketenak dira. Idazpenen Bulegoan beren izenean konturik ez badute, hirugarren batzuekin egiten dituzten eragiketak komisio-hartzaile soil gisa egindako jarduerak izango dira.

Gutxienez 6 milioi € (1.000 milioi pezetatako) bezeroen saldoa eskatzen zaie.